Patxo Telleria da antzezlan honen egilea. Bera eta Mikel Martinezek antzeztuko dute umorez beteta dagoen istorio hau. Aipagarria da lan honek, 2003. urtean, Max sari bat irabazi zuela, euskeraz idatzitako testu hobearen atalan.
'Euskaltzaindia Berria'
Euskara sencilloaren manifestoa antzezlanaren ardatza euskaldun zaharren eta berrien arteko harremanak dira. Lanaren sinopsiaren arabera, istorioaren protagonistak «munduko euskaldun berririk zaharrenak» dira. «Orain dela berrogei urte hasi ginen ikasten, eta oraindik ari gara. Engantxaturik gaude, euskaltegi-adiktoak gara, euskara-dependienteak, baldintzomano eta subjuntibopatak».
Dena den, bi protagonistek 'euskaldun peto' izatera ez dira iritsi: «gure kalkuluen arabera, ehun eta berrogei urte beharko genituzke», azaltzen dute. Horregatik, bere burua aldatu ezin dutenez, euskera aldatzea erabakitzen dute, beraiek deitzen duten 'Euskaltzaindia Berria' sortuz. Eta ekimen xelebre honen lehenengo fruitua Euskera sencilloaren manifestoa da, hain zuzen ere. Euskadiko beste hainbat herrietan izan ondoren, Hondarribian ere manifesto bitxi hau ezagutzeko aukera izango da, Telleria eta Martinezen eskutik. Esan bezala, antzezlana gaueko hamarretan izango da, Santiago kalean.
